top of page

ABOUT ME

Irun, 1976.
Ekainaren 6an sortua...
…igandea zen, udaberria.
Enara airos baten moduan sortu nintzen mundura. Ainara bat zerura.
Igande distiratsu batean udaren iragarle fina.
Eta bizitzan barna nabil geroztik,
enara bakar batek zergatik bada ez dakarren uda
asmatu nahian.

 

Euskal filologian lizentziaduna naiz, baina bokazioz idazlea… beti ari naiz idazten!
Ene sentimenduak poesiaren bidez adieraztea gustuko dut, kantu leun baten gisa. Arrosa baten arantzak ziztatuz gero, barruraino sartzen zait eta nolabait ere kanporatu behar dut… edozein hizkuntzatan, baina batez ere euskaraz… idazle izan nahi dut, baina poeta naiz!

Maite dut ene ametsetan hegan egitea, ene sentimenduak poesiaren bidez antzeztea eta pentsamenduaren bidez urrutiko munduetara joanez galtzea… inor inoiz egon ez den toki zoragarri horietara joatea gustuko dut, eta ez dago liburuetan sartzea besterik modu onean bidaiatzeko.

Lanbidez, gaur egun euskarazko eta euskal literatura nahiz kulturako irakasle gisa nabil Brnoko Masarykova Unibertsitatean (Txekian). Euskara teknikari aritu naiz Malerrekako mankomunitatean, helduentzako euskara irakasle, baita itzultzaile gisa ere zenbait enpresentzat ere.
Euskal Filologian lizentziatu nintzen 2002an, eta 2004an Hizkuntza, Informazioa eta Komunikazioa masterra egin nuen Euskal Herriko Unibertsitatean.
2001, 2002, 2003, 2004, 2005, 2006, 2007, 2008, 2009, 2010, 2011, 2012, 2013 eta 2014 urteetako Hatsaren poesia bilduman parte hartu dut eta olerkigintza da neure bizitzaren motorra.
2003an Santiago Gamboaren Perder es cuestión de método eleberri beltza euskaratu nuen: Galtzea metodo kontua da.
Hainbat aldizkari eta egunkarietan argitaratu ditut nire iritziak, hala nola 2005ean Beterriko Liburua literatur aldizkarian poesiari buruzko iritzi-artikulu bat idatz inuen: Inoiz idatzi eta igorri ez den eskutitz bat izan al daiteke?
Literatur lehiaketa zenbaitzuetan parte hartu dut eta 2006an nahiz 2007an Azkoitiko Bizenta Mogel ipuin lehiaketan bigarren eta hirugarren saria eman zidaten, hurrenez hurren: Eta lapurrari ilargia leihoan ahantzi zitzaion eta Eskutiz baten bidaia.

bottom of page